Argibideak
Espazio hezitzaileak eraiki eta sustatzeko gakoak biltzen dira ikastaro digital honetan. Lehen blokean, herri antolamendua herri hezitzailearen ikuspegitik nolakoa izan behar lukeen jasotzen duen markoa aurkituko duzu irakurgai moduan. Jarraian, praktikara eramateko metodologia parte hartzaile feminista jasotzen duen atala aurkituko duzu. Ondorengo lau blokeetan, herriko espazio bat hezitzailea izan dadin kontuan izan beharreko lau abiapuntuak jaso ditugu:
Jolasa: jolas libre eta espontaneorako aukera eskaini behar dute.
Autonomia: haurrak bakarrik eta seguru (fisikoki eta psikologikoki) sentitu eta mugitzeko aukera bermatu behar dute.
Natura: eremu ahalik eta naturalenak izan behar dute.
Topalekuak: belaunaldiartekotasuna eta kulturartekotasuna bermatzeko, ezberdinen arteko elkarguneak izan behar dute.
Beraz, zure herriko espazioak lau abiapuntu hauetatik eraldatu ahal izateko baliabideak eta esperientzia inspiragarriak aurkituko dituzu jarraian, arloka antolatuta. Nahiz eta, arlo hauek elkarrekintzan garatzen asmatzea izango den gakoa. Garrantzitsua izango da elkar elika daitezkeen arlo moduan ikustea eta ikuspuntu integral batetik eraikitzea espazio hezitzaileak, arlo guztiak kontuan izanda.
Azken atalean, biltokia eta erreferentzia bibliografikoak aurkituko dituzu. Biltoki hau, denon artean osatzen joatea da asmoa. Beraz, espazio hezitzaileen inguruko esperientzia interesgarriren bat gauzatzen duzuenean, bidali informazioa bertan partekatzeko. Eskertuko dugu!