• 0. Sarrera

    • Aurkezpena

      Hezkuntza eta hirigintza, lehen begirada batean elkarrengandik urrun egon daitezkeen bi lan arlo, bi egiteko modu ezberdin badira ere, elkartu eta elkarrekin herriak antolatzeko proposamen bat osatu dugu. Hiritik At kooperatibarekin elkarlanean, gure herriak gertutasunetik, egunerokotasunetik eta haurtzaroak ematen digun txikitasunaren neurri politikotik birpentsatzeko proposamena.

      Oinherritik argi daukagu “herria badela hezkuntzarako eduki, testuinguru eta eragile” (Trilla 1990). Herria diogunean, ordea, herriaren alde bigunaz zein gogorraz ari gara. Hots, herri batean ematen diren harremanez eta artikulatzen den sare sozialaz, eta espazioa antolatzeko moduaz. Biak elkar lotuta daude eta elkar baldintzatzen dira.

      Hiritik At kooperatibak lurraldea antolatzeko proposatzen dituzten 5 dimentsioak, Oinherrik herri hezitzailearen filofosia egituratzen duen 7 giltzarriekin nahastea eta elkar aberastea izan da lankidetza honen helburu nagusia. Arreta berezia jarri dugu egiteko moduetan eta hirigintza hezitzaileagoa, praktikatik, ekintzatik, nola garatu dezakegun definitu dugu.

      Behetik gora eraiki nahi dugu hirigintza eredu berri hau, udaletatik abiatuz. Horretarako, sortu dugu ikastaro digital ireki hau. Herri bizigarriagoak sustatzeko hirigintza eredu parte-hartzaile baterako gakoak bildu ditugu bertan. Era berean, herriak haurtzaroaren garapenean oinarrizkoak diren lau beharretatik (jolasa, autonomia, natura eta topalekuak) eraldatzeko proposamen inspiragarriak ere gehitu ditugu.

      Irakurri ondorengo argibideak ikastaroaren nondik norakoak ezagutzeko.