AZALPEN ZABALA
Boterea ulertzeko modu berri bat proposatzen du ondorengo dinamikak: pribilejioaren idea txertatzen du. Harremanetan dagoen zerbait joan etorrikoa, zerbait aldakorra. Boterearen ulerkera dinamikoa. Eduki dezakezu edo ez, testuinguruaren arabera.
Segun zein testuingurutan gauden, posizio batean edo bestean jartzen gaitu botereak. Erosotasun, deserosotasun, ardurak, testuinguruaren arabera aldatzen doaz. Boterea ez baita bakarrik kanpoko egitura batek ematen digun zerbait, zure autokontzeptzioak ere eragina dauka. Zapalduaren tokian kokatzen garenontzat hau oso garrantzitsua da, boterea lekuz aldatu dezakegulako, irauli dezakegun zerbait delako.
Boterea gugan dagoela esateak aldatzen du dena. Arduratik bizitzera interpelatzen gaituelako. Zapaldu/zapaltzaile izatetik salbu ez baitago inor.
Gure boterearen kontzientzia hartzearen garrantziaz eta hau haur/heldu harremanera eramatearen garrantziaz hitz egiten du dinamikak. Eta arrakala bat sortzen hastea: berez egituraz/testuinguruz boterea ematen ez diguten ezaugarri batean (adina), haurra izatea harrotasunez bizitzea, ahalduntze prozesu bat.
Lorearen dinamikan, petalo bakoitzak pribilegio/zapalkuntza ardatz bat irudikatzen du. Bakoitzak aldagai horretan bera non kokatzen den margotuko du. Lorearen zenbat eta petalo haundi gehiago koloreztatu ditugun, botere gehiago gorpuzten dugula esan nahi du, eta ondorioz, pribilejio egoera gehiago dauzkagula gure egunerokoan. Zenbat eta petalo txiki gehiago koloreztatu, botere gutxiago metatzen dugula esan nahi du, eta ondorioz, zapalkuntza egoera gehiago pairatzen ditugula.
Nola kokatuko gara gu gure pribilejioan? Botere posizio hori nola erabili nahi dut nik? Kalse soziala, adina, arraza, sexua, generoa… eta aldagai ezberdinen arteko gurutzaketak sortzen dituen zapalkuntza anizkoitzen aurrean kontzientzia hartzea eta hortik aritzen ikastea. Kontzientzia hartzea zein posizio sozial gorpuzten dugun.
Haurra izatea ez dela zapalkuntza bakarra ulertzea. Bestelako aldagaiak txirikordatzen baitira haur izate horretan.